Pentsamendua eta gorputza utopiez kutsatzeko deia aurtengo Feministaldian

Kultura feminista jaialdiaren XV. edizioa Tabakalerara itzuliko da abenduaren 14-19 bitartean

Plazandreokek, beste urte batez, Kultura feministaren jaialdia antolatu du abenduko bigarren hamabostaldirako. Aurten, “Kutsatu” lelopean hartuko du abenduaren 14tik 19rako astea. Aurkezpenean izan dira Plazandreok kolektiboko antolatzaile Juana Aranguren, Feministaldiako koordinatzaile Leire San Martin, Maider Zilbeti eta Laura Muelas, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaida, eta Tabakalerako kultura zuzendari Clara Montero. 

Azkenik, Landaiadak jaialdia egin egingo dela zoriondu du: “Urte berezi eta arraro honetan jaialdiak aurrera egingo zuela jakitea berri ona izan zen, zorionak; zeren urte honetan, begirada feminista ezinbestekoa kulturarekin bat, beste mundu posible bat imajinatzeko”, aipatu du.

Urtero bezala, egungo errealitateari lotutako jaialdia pentsatu eta sortu nahi izan dute, aurten, ukaezina den pandemia egoerari begira hain zuzen. Horretarako, 30 sortzaile feministatik gora bilduko dituzte jaialdiaren XV. edizioan “Kutsatu” lelopean. Hala azaldu du San Martinek: “Badakigu ez dela urte erraza izaten ari eta, akaso, horregatik beragatik, ezinbestekoa da feminismoetatik eta sorkuntzetatik, bizigarria izango den beste mundu bat irudikatu eta eraikitzea.

Garai distopikoak bizi ditugun arren, non kutsatzea beldur handiena bilakatu zaigun, aldarrika ditzagun elkar-kutsatzeko beste modu eta eduki batzuk. Kutsatu eta deskutsatu ditzagun pentsamendua eta gorputzak eta ez diezaiogun uko egin utopiak sortzeari”. Irudia ere, gaiari lotuta, enkarguz egin du Alazne Zubizarretak, eta “ondo baino hobeto” jaso du esentzia.

Azaroaren 13an, hitzaurrea izan zuten Marina Garcés eta Remedios Zafraren “Pentsamendua deskutsatu” mahainguruarekin, hurrengo egunak ideia horietan sakontzen jarraitzeko helburua dutela azaldu duela Muelasek: “Hitzaurrean hasi genuen bidea jarraitu nahi dugu, kolektiboki eta ikuspegi feministatik, bizi dugun garai distopikoaren irakurketak eginez”.

Horretarako, gaurtik hasi eta larunbatera arteko egitarau zabala aurkeztu dute. Astelehen eta asteartean tailerrentzako tartean izango da, eta asteazkenetik hasita, hitzaldi, mahainguru, emanaldi, irakurketa eta abar izango dira, besteak beste, Yayo Herrero, Ana Lauara Alaez, Lidia García, Arrate Hidalgo, Ainhoa Nadia Douhaibi, Ana Amalndoz, Ula Iruretagoiena, Michela Lamedica edota Haizea Barcenilla bezalako pentsalari eta sortzaileen eskutik.

Tabakalerarekin elkarlana

Iaz, jaialdiak, deszentralizazio apustua egin eta Tabakaleraz gain, hiriko beste esparru batzuetan ere egin zuen jaialdia. Aurten, jaialdi osoa Tabakaleran egingo da, ia gehiena Patioa espazioan, baina baita Zinean ere.

Clara Monterok elkarlana azpimarratu du, zehazki, bi jarduera antolatu dira elkarlanean: Hiru begirada. Hiru pasarte. eta Musika, dena eta eszena-ren barnean,Sandra Cuesta eta Myriam RZM-ren kontzertua.

Osasun neurriak direla eta, aurten aldez aurreko izen-ematea egin behar izan dute, eta ia ekimen guztiak bete dira oso denbora gutxian. Hala ere, oraindik lekua dauden ekimenetan izena emateko deia egin dute eta baita itxaron zerrendak egongo direla azaldu ere. Bestalde, streaming bidez jarraitzeko aukera egongo dela azaldu dute. 

Deja un comentario