Larunbata izan zen egun luzeena eta emankorrena, hiru mahainguru izan ziren Feministaldiaren azken egunean eta jendetza aretoa betetzen.
Feministaldiako egun handiari hasiera eman genion ‘Mugaren arkitektura: Kartzela’ mahainguruarekin. Bertan izan genituen Arantza Santesteban, Oihana Etxebarrieta eta Zuriñe Rodriguez.
Santestebanek zinema hizpide ekin zion euskaldunez eta euskalduntasunaz sortu den iruditegia aztertzeari. Iruditegi nazionalari behatu zion hain zuzen ere Amalur pelikula aztertuz;»iruditegi nazionalak ere gizonek sortuak dira noski, eta eraikuntza horretan emakumearen papera ere definitzen du», adierazi zuen. Euskal Herriaren kasuan: «euskalduna heroizidade puntu batekin pasa da iruditegira; eta heroia noski gizona da», gehitu zuen.
Kartzelari dagokionez honakoa aipatu zuen: «Kartzelara joatearen atzean badaude arrazoi politiko eta ideologikoak, eta horren guztiaren bueltan iruditegi zehatz bat».
Etxebarrietak eutsi zion kartzelaren inguruko gogoetari atzetik, eta kartzelaren bueltan dagoen iruditegiari ez-ezik, errealitate feminizatuari ere begira jarri zuen publikoa: «Emakumeak dira espetxeetako itxarongelak betetzen dituztenak», adierazi baitzuen.
Genero rolak euskal jendartean ere egon badaude, eta oso banatuta, baina gogoratu zuen: «Gatazka garaietan berez jendartean zeuden genero rolak polarizatu egiten dira, areagotu», eta beraz, kartzela bezalako muturreko egoeretan horiei behatzea ezinbestekoa da.
Azkenik Rodriguezek beste aldera egin zuen salto, hau da, euskaldunok gure buruongan sortu dugun iruditegia ez-ezik, Espainiatik emakume euskaldunen inguran sortu dutena ikertuz: «Euskal Herriak ez-ezik Espainiak ere iruditegia sortu du euskal gatazkaz eta emakumeez», adierazi zuen; «eta Espainiak noski, iruditegi patriarkal eta heterosexuala eraiki du» gehitu zuen.
Gogoratu zuen, iruditegian sartzeko, emakumeari bi aukera besterik ez zitzaizkiola geratzen: amatasuna edota gudariaren deskantsurako puta izatea.
Eztabaidak askorako eman zuen mahaiak, erotizazioaren balio eta mugez aritu baitziren, baita iruditegia aldatu eta gatazkaz irakurketa feministak egitearen beharraz.
Pedagogiak eta euskalgintza
Arratsaldean Judit Vidiella izan zen, hain zuzen queer pedagogiak eta pedagogia feministei buruz hitz egiten. Hainbat esperientzia ekarri zituen eta bereziki performatibitateak hezkuntzan izan dezaken garrantziaz aritu zen.
Arratsaldeko azken mahaia ‘Euskalgintza eta feminismoa’ izan zen, Irene Arrarats, Idurre Eskisabel eta Lorea Agirrerekin.
Alde batetik, Arraratsek euskarak genero markarik ez duela eta, hizkuntza sexista ez dela dioen mitoa hankaz gora jarri zuen. Hain zuzen kazetaritza eta bertan egiten diren erabilera sexistak adibide gisa jarri zituen.
Azkenik, Eskisabel eta Agirrek irakurketa berezi bat egin zuten esperientzia pertsonaletik abiatuta, feminismoa eta euskalgintza batuz. Hain zuzen ere, mahaigaineratu zituzten bi borrokek dituzten antzekotasun eta indarguneak.
Interpelazioak bi norabide izan zituen: feministei euskara kontuan hartzekoa, eta euskaldunei feminismoa bereganatzekoa.
Erractus eta jaia
Feministaldiaren itxiera Guardetxean egin zen, Jule Goikoetxea, Danele Sarriugarte eta Kattalin Minerren ‘Alde’ performancearekin.
Las Marine eta Mapatxe DJek itxi zuten gaua.
2 Comments