2004an sortua, Candela elkarteak esperientzia handia du Catalunyako ikasgeletan LGTBI-fobia landu eta aniztasuna kudeatzen. Horretaz jardun du Miriam Alemanek Estategia feministak Hezkuntzan II zikloaren barruan «Armairua… berokiak gordetzeko! LGTBIfobiaren prebentzioa nerabezaroan» formakuntza saioan.
Sexu identitatea definitzen hasi da Aleman 50 bat lagunek bete duten Tabakalerako aretoan. Metodologia parte-hartzaileaz baliatuta, inguratutakoen artean birpentsatu dituzte sexu, genero, genero adierazpen eta aukera sexual bezalako kontzeptuak. Sarri, hau bera izaten baita arazoa, ez izendatzea, nola izendatu ez jakitea, gaizki izendatzea…
Hain zuzen ere, kontzeptu horien definizioetatik, jendarteak inposatzen dituen genero eraikuntzak kritikoki irakurri eta nerabezaroan duten indarraz aritu dira; bai estereotipoez, bai maitasun erromantikoaz eta baita sexu hezkuntzaz ere.
Adoleszentziaren alde
Alemanek adoleszentziaren aldeko aldarria egin du, hain zuzen ere, sarri heldu zein hezitzaileen ikuspuntutik nerabeak ez ulertzeko eta ez ulertu nahi izateko joera azpimarratuz.
Honen aurrean, batetik norberak bere nerabezaroa oroitzeko ariketak egitea proposatu du, izan ere, honek berak enpatia handitzen duelako eta ikasleen ikuspuntua konpartitzeko gaitasuna erraztu dezakeelako. Eta bestetik, gogorarazi du nerabeen inguruan aurreiritzi asko izan ohi ditugula, esaterako «gazteak oso matxistak/homofoboak/arrazistak dira!» bezalako ideiekin. Honen aurrean gogorarazi du gazteak ez direla jendartearen balioen isla bat besterik eta beraz fokoa beste leku batean dagoela.
Bullyna, ehuneko altu batean LGTBI-fobikoa
Azaldu du herrialde desberdinetako datuak erakutsiz, eskoletan ematen den bullynaren ehuneko altu bat (%60 inguru) izan ohi dela LGTBI-fobikoa. Honen aurrean erraminta desberdinak eman ditu ikasgelan lan egiteko, eta azkenik honen aurrean Candelatik sortu duten Oasis egitasmoa azaldu du. Oasis proiektua gazte eta nerabeentzako LGTBI udalekuak dira, eta eredu paregabea izan da, egoerak aldatu eta alternatiba batekin amaitzeko.