Gorputzak, lurraldeak eta ezarritako ordena astintzera dator XVI. Feministaldia

Inoiz baino lehenago dator aurten Kultura Feministaren Jaialdia: azaroaren 16tik 20ra izango da, Tabakaleran

Plazandreokek, beste urte batez, Feministaldia antolatu du, eta abenduan izan ohi den jaialdia, inoiz baino lehen izango da aurten: azaroaren 16tik 20ra, hain zuzen. XVI. aldi honetan Sismika leloak markatuko du jardunaldien haria. Aurkezpenean parte hartu dute honakoek: Asun Urbieta, Plazandreok kolektiboko antolatzailea; Leire San Martin, Maider Zilbeti eta Laura Muelas, Feministaldiako koordinatzaileak; Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria; eta Clara Montero, Tabakalerako kultura zuzendaria.

Azken hamabost urteetan bezala, egun kultura feministari lotuta dauden ahotsen, sorkuntzen eta diskurtsoen elkargune izan nahi du Feministaldiak. Sismika leloa oinarri hartuta, emakumeen* bizitzek eta gorputzek jasaten dituzten dardara bortitzei erreparatu nahi diote; honela azaldu du Leire San Martinek: “Sismika dira gorputzek lurraldeetan egiten dituzten desplazamenduak: eta zerikusirik ez dute bidaia derrigortuek edo soilik batzuen beharrei erantzuten dieten prozesu turistifikatzaile eta gentrifikatzaileek eragindako mugimenduek. Era berean, Sismika dira emakumeok* elkarrekin garatzen ditugun estrategiak, gerrak, disidentziak eta erresistentziak. Espero ez dugun lurrikara da Sismika, kultura feministak dakarren luizia, ordena astintzeko behar bizia, eta horri eutsi nahi diogu ere bizi dugun garai sismiko honetan”. Irudia ere, leloari lotuta, enkarguz egin du Raisa Alavak, eta “ondo baino hobeto” jaso du esentzia.

Bizi dugun egoeran, jaialdiaren eta horrelako espazioen garrantzia azpimarratu du Izaskun Landaidak: “Aurtengo leloa Sismika da, eta nik uste dut guztiz bat datorrela feminismoak gure gizartean egiten duenarekin. Feminismoak lur asko astintzen ditu, lur azpian dauden inertzia asko ikustarazten laguntzen digu eta lurrak duen itxura aldatzen du. Feminismoa eraldatzailea da, eta hori ere sorkuntzatik egin daitekeela erakusten digu urtero Feministaldiak. Beraz, Emakunderen izenean zorte onena opa dizuet aurtengo edizioan; gauza asko astintzea espero dut, lurrikara asko sortzea”.

Aurten ere, egitarau oparoa osatu dute antolatzaileek. Hitzaldi, mahai-inguru, kontzertu eta performance-en artean, 30 artista, aktibista eta pentsalaritik gora izango dira Feministaldian, eta bakoitzak bere diziplinan mugitzen ari den horretan jarriko du fokua: val flores idazle eta aktibista; Huelvako Jornalerak Borrokan; Laura Macaya eta Nuria Alabao, Alianzas Rebeldes. Un feminismo más allá de la identidad argitalpeneko partehartzaileak;Euskal Herriko Neska* Gazteak; Beatriz Herraez, Elvira Dyangani Ose eta Yaiza Hernandez; Ines Osinaga, Lorea Argarate eta Olatz Salvador musikariak; Maialen Sagues militante antiespezista; Eider Rodriguez eta Karmele Jaio idazleak; eta Paloma Chen kazetari, aktibista antiarrazista, poeta eta idazlea, besteak beste.

Tabakalerarekin elkarlana

Jaialdi osoa Tabakaleran izango da, zentroko hainbat gunetan: Patioan, Zinean, Plazan eta Z aretoan. Clara Monterok elkarlanaren garrantzia azpimarratu du. Era berean, Emakunderen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere azpimarratu dute antolatzaileek. Horrela, beste urte batez berean jaso du Tabakalerak jaialdia, eta baliabideak eskaintzeaz gain, bi jarduera antolatu dira elkarlanean: azaroaren 16an, 19:30ean, Kearen Artxibogileek Historia astinduz bisita performatiboa egingo dute, Tabakalera Plazan. Gainera, azaroaren 18an, 19:00etan, Memoria ariketak zine emanaldia eta hitzaldia izango da nucbeade-ren (Quiela Nuc eta Andrea Beade) eskutik, Zinea 1 aretoan.

Iaz ez bezala, sarrera librea izango da aurten, edukiera bete arte. Soilik Kearen Artxibogileek egingo duten bisitarako eman beharko da izena, tabakalera.eus webgunean. Era berean, jarduera gehienak streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute hara joan ezin dutenek. Izen-emateari eta streamingari buruzko informazio guztia feministaldia.org eta tabakalera.eus webguneetan kontsultatu daiteke.

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s