Bertsolaritza eta feminismoari buruzko solasaldia izan da, dudarik gabe, aurtengo Feministaldiako une gorenetako bat. Aretoa leporaino eta harrera hobezina izan zuten Uxue Alberdi, Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariek eta Aitzpea Leizaola irakasleak.
Aldez aurretik azaldu zuten bertso-eskoletan genero ikuspuntutik gertatzen diren baldintzapenak. Esaterako, nola nahiz eta neska eta mutilak gaitasun desberdinekin bertara heldu, denak patroi berarekin tratatzen diren. Edota maskulinotzat jotzen diren ezaugarriak baloratzen diren: indarra, erantzuteko gaitasuna, ahots indartsua, segurtasuna…
Plazari dagokionez berriz, bertso-giroa gizon helduen giroa dugu, eta emakumeak kuriositate moduan ibili dira eta ibili dituzte. Zer esanik ez errekonozimenduaz ari garenean, emakumeak hiru aldiz on izan behar dira behin ona izateko. Estitxu Eizagirre bertsolariaren esanetan, “plazako bertsolaritza gizonezkoek eta gizonezkoen eran egituraturiko jarduna da”.
Kanpoko oztopoak izan ezik barrukoak ere badira, eta bertso-giroa eraginda neska bertsolariak hainbeste kezka eta galdera egiten dizkio bere buruari: “Nik ezin dut bertsolari izan”, “Ez dakit gizonezkoak imitatzen”, “Ez dauzkat oholtzan behar diren segurtasuna, arrazoi sendoa, konfiantza, erantzun azkarra, grazia”, “Gai handi eta unibertsalak ez zaizkit hainbeste interesatzen, politika, kirola..”, “Kezkez, zalantzez, beldurrez, galderez, ezinez josita nago”.
Gainera, Ainhoak eta Uxuek ziotenez, hasiera batean bertso saioetan ia beti emakume bakarrak ziren eta horrek ere Ni-aren eraikuntza eragozten zuen, jakin gabe, zehatz-mehatz, euren bidea nola egin. Gizonekoek “onartzen” zintuzten, leku egiten zieten beren munduan, baina lekuren egiten zioten emakumeen munduari? Zeren, bertsolaritza emakumeek garatu izan balute, dudarik gabe, formak, edukiak, doinuak, keinuak, lekuak, giroak, orduak, hizkerak, gaiak, tonuak, umorea, jarrerak, ezberdinak izango lirateke.
Denbora joan ahala genero kontzientzia areagotzen da eta aldi berean belaunaldi aldaketak berrikuntza tematikoa eta estetikoa dakar. Egun, Ainhoak eta Uxuek diotenez, bi identitate nagusi daude emakume bertsolarien artean:
- Drag king-en belaunaldia (Lujanbio, Arozena, Ibarra, Agirre…): Bertsolari izaera onartu zitzaien gizonek bezala egiten bazekitela demostratu zutelako… baina ia emakume izaera ukatzearen truke. Bertsolariek eurek ezaugarri femeninoak leuntzen eta maskulinoak indartzen zituzten taulara agertzeko. Entzuleen epaia: ikusten ari naizen hori ez da benetako bertsolaria edo ez da benetako emakumea.
- Panpinen belaunaldia (Amuriza, Uria, Arzallus, Alberdi, Martin…): Hobeto sartzen dira belarritik/begitik… Politikoki politak. Trabarik egiten ez dutenak. Desiragarriak. Neurtuak. Entzuleen epaia: Hauek benetako emakumeak dira, baina benetako bertsolariak?
Eta zein da emakume bertsolariek egindako ekarpena bertsolaritzan? Arrazoia, oratoria eta komunikazioa izan badira, Egaña, Sarasua eta Gartziaren teorian behatzaile maskulino legitimoaren abiapuntua, emakumeek, ordea, emozioak, barne-bizitza eta enpatia ditu tresna, beraz, legitimitate gabeko behatzaile irrazionala da. Feminismoaren ildoa jarraituz, «emozioa politikoa da eta pertsonala politikoa» da, baina genero-sistemarako emakume emozionalak arriskutsuak dira, indartsuak bezain kontrolaezinak direlako. Josune Muñozen esanetan, “kanona bertsolaritzan lau gizonezkok sortzen dute: autoreak (bertsolariak), merkatuak (antolatzaileak, managerrak, editorialak…), kritikariak (epaileak eta kritikariek) eta irakasleak (transmisoreak)».
Pertzepzioa eta errealitatea bat ez datozenez, Uxuek eta Ainhoak planteatu zuten galdera hauxe izan zen: Hemendik aurrera, zer?, Nola, norantz eraiki, emozioak sortzeko, publikoa hezitzeko, perzibitzeko belarriak irekita eukitzeko?
Bi norantza aipatu zituzten: alde batetik, komunitate feministetatik komunitate kulturalari egindako ekarpenak isladatzea bertsolaritzan; eta, bestetik, komunitate kultural konkretu baten barrenetik hedatzen diren diskurtso feministak hedatzea. Esaterako, literaturan Skolastika eta Sareinak taldeekin gertatzen den moduan. Era berean, noski, Bertsozale elkartetik genero taldean sortu litezkeen ekarpenak.
Amaieran esan zuten bertsolaritzak behar-berrazkoak dituela bitartekari espezialitatuak: hau da, diskurtso, ikuspegi feminista edo antisexista barneratua duten epaile, kazetari, kritikari, irakasle, gai-jartzaile,antolatzaile eta entzuleen beharra.
Solasaldia bertso hauek botata amaitu genuen:
Izugarri gustatu zitzaidan hitzladi hau!!!Oso oss ona!!!Eta ezinbestekoa!!!
Poztutzen naiz ! Esker mila bertan izateagatik.
Bi identitate nagusi daude bertsolari emakumeen artean? Zer da zuentzat identitatea? Bertsolari oso onak, onak eta ez horren onak deude, eta bertsolari emakumetaz ari naiz.