Feministaldia 2015en irekiera eman zioten Lorena Cabnal eta Magdalena Leonek, ekonomia feminista, ‘Bizi ona’, eta feminismo komunitarioa uztartuz. 70 lagunetik gora izan ziren entzule.
Asteazkena izan zen Feministaldiaren irekiera eguna, eta Magdalena Leonek gaurkotasun gai batekin hartu zuen hitza, hain zuzen, burutu berri den COP21 biltzarraren harira ekin baitzion.
‘Bizi ona’ (Buen Vivir, Sumak Kawsay) kontzeptuan sakondu zuen, eta baita berauk dituen aukera eta mugak zehaztu.
Gogoratu zuen ‘Bizi ona’ kontzeptuak «elkarbizitzan aldaketa erradikala duela oinarri», hots, norbanako, natura eta ekonomiaren arteko harremanak berpentsatzea. Horretarako, orain arte bigarren mailan izan diren praktika, balio eta oinarriak lehen planora ekartzea proposatu zuen.
Noski, zaintzen afera ere mahaigaineratu zuen, eta Latinoamerikako eta hain zuzen, Ecuadorreko adibide batzuk ekarri zituen. Bertan, zaintza balioan jartzen ari direla azaldu zuen; balio sinboliko zein ekonomikoan, alegia.
524 urteko patriarkatua
Lorena Cabnal feminista komutario maya-xinka indigenak bestalde, Guatemalatik ekarri zigun bestelako esperientzia. Izan ere, esperientzia indigenatik, deskolonializazio erritual bat burutu baitzuen, hain zuzen, kosmogonia eta kosmobisio propio bat azaleratuz.
Erreferentzia kulturalak oinarri, izpiritualtasunetik urruntzea asmo zuen erritualean hainbat kontzeptu eta jarrera politiko itzuli zituen, adi eta sakon begira zuen publikora.
Gogorarazi zuen, duela 524 urteko kolonializazioak patriarkatu, kapitalismo eta arrazismoa eraman zituela Abya Yala-ra (Latinoamerika).
Bestalde, indigenen hainbat borroken barruan aldarrikapen propioak nola txertatu dituzten azaldu zuen, besteak beste lurraren aldeko defentsari gorputzaren defentsa gehituz.
Azkenik luntx batekin eman zioten amaiera, Dj Kukiren musikak lagunduta.
Gaur ‘Yes we fuck’ dokumentalaren emanaldia izango da, Antonio Centeno zuzendarietako batekin.
1 Comment